Caliente, caliente…
Apirilak 27, 2010
Patti Smithek eragin handieneko musikari saria jasoko du ASCAPen eskutik
Apirilak 20, 2010
ASCAPek (Ameriketako Musikagile, Egile eta Editoreen Elkartea) Patti Smith musikariari emango dio ASCAP Founders Award sari entzutetsua, apirilaren 21ean Los Angeleseko Renaissance Hollywood Hotelean egingo den 2010eko pop sarien banaketa galan.
Patti Smithek 45. Heineken Jazzaldia inauguratuko Donostian; izan ere, uztailaren 21ean Zurriolako Hondartzako Agertoki Berdean doako kontzertua eskainiko du.
ASCAP Founders Award amerikar erakundeak banatzen duen sari garrantzitsuena da eta musikaren alorrean ekarpen esanguratsua egin duten eta beste sortzaileengan arrasto nabarmena utzi duten musikagileei ematen die.
Orain arte saria jaso duten musikari guztiak benetako izarrak dira, estilo bakar eta berritzailekoak, ondorengo belaunaldientzako eredu. Zerrenda horretan dira Elvis Costello (45. Heineken Jazzaldia itxiko du Trinitate Plazan uztailaren 25ean emango duen kontzertuarekin), Bob Dylan, Paul McCartney, Billy Joel, Annie Lennox, Jackson Browne, Joni Mitchell, Tom Waits, Stevie Wonder, Neil Young eta James Taylor (iaz izan zen 44. Heineken Jazzaldian).
Honako argudioak eman zituen ASCAPeko presidente Paul Williams-ek aurtengo saridunaren izena jakinarazi zuenean: “Patti Smithek rockaren energia bortitza eta poetaren bihotza uztartu zituen eta 70eko hamarkadako New Yorkeko punk eszena piztu zuen. Askatasunaren mugak zabaldu zituen artearen eta musikaren alorretan eta akuilu izan zen mundu osoko rockerrentzat. Eta hala jarraitzen du egun, artista sutsu eta emankorra da eta kultur diziplina anitzetan egiten du lan. Oso harro gaude Patty Smith ASCAP Founders Award sariarekin omentzeaz”.
The Remains Of The Night
Apirilak 20, 2010
45. Heineken Jazzaldiko kartel lehiaketa
Heineken-ek 45. Heineken Jazzaldiko kartela hautatzeko lehiaketa antolatu du. Jaialdia uztailaren 21etik 25era bitartean egingo da Donostian.
Saria 1.200 eurokoa da eta, Heineken Jazzaldia Europako jaialdi garrantzitsuenetakoa eta tradizio handienetakoa izaki, irabazleak bere diseinua milaka pertsonei helarazteko aukera izango du.
Lanak www.heinekenjazzaldia.com webgunearen bitartez soilik aurkeztu ahal izango dira. Lanak aurkezteko epea apirilaren 15ean hasiko da eta maiatzaren 9an amaituko da eta lehiaketaren oinarriak webgunean kontsulta daitezke.
Kartel irabazlea hautatuko duen epaimahaiak hainbat arlotako kideak bilduko ditu. Dagoeneko baieztatu dute euren parte-hartzea Goya saria jaso berri duen Marta Etura aktoreak, Marlango taldeko Leonor Watling kantari eta aktore entzutetsuak, bi Michelin izar dituen Mugaritz jatetxeko Andoni Luis Aduriz sukaldari ospetsuak eta Ipsum Planet/Neo2 estudioko Rubén Manrique izen handiko diseinatzaileak. Haiekin batera izango dira Heineken Jazzaldiko Antolakuntza Batzordeko bi kide eta Heinekenen bi ordezkari.
www.heinekenjazzaldia.com webgunearen bitartez finalistak hautatzeko bozketan parte hartzen dutenen artean Trinitate Plazarako bi abonu eta Heineken Jazzaldiko hotel ofizial batean bi pertsonentzako ostatua zotz egingo dira.
Patti Smith-ek zabalduko du 45. Heineken Jazzaldia Agertoki Berdean emango duen doako kontzertuarekin eta Kris Kristofferson eta Elvis Costello izar handiek Trinitate Plazan emango diote amaiera
45. Heineken Jazzaldiak aurretik iragarritako izar entzutetsuak jaialdian izango direla baieztatu du eta egitarauari buruzko hainbat xehetasun eman ditu. Esaterako, Patti Smithek zabalduko duela Jaialdia uztailaren 21ean Agertoki Berdean eskainiko duen doako kontzertuarekin eta kontzertu bikoitzarekin emango diotela amaiera jaialdiari Trinitate Plazan: Kris Kristofferson bakarka arituko da eta Elvis Costellok The Sugarcanes taldearekin joko du.
Sarrerak apirilaren 19an, astelehena, jarriko dira salgai 11:30ean Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta www.kutxa.net, TeleKutxa (943 00 12 00) eta ServiKutxaren kutxazainetan.
Jazzari dagokion atalean, Ron Carter kontrabaxu-jotzailea nabarmendu behar da; hirukote bikainarekin ariko da, Mulgrew Miller pianista eta Russell Malone gitarrista tartean. Archie Shepp-ek Mina Agossi abeslariarekin joko du; Dave Holland flamenkora hurbiduko da El Habichuelarekin eta Carmona klaneko hainbat kiderekin; Stanley Clarke Hiromi pianista japoniarrak lagunduta dator eta Wadada Leo Smith azken boladan ikusmin handia pizten ari den taldearekin etorriko da, Vijay Iyer piano-jotzailea bertan dela.
Patti Smithek aparteko bandarekin joko du; aipatzekoa da Lenny Kaye gitarrista izango dela taldean. Kris Kristofferson bakarka arituko da, ahotsa eta eta gitarra hutsarekin; hala, hobe preziatu ahal izango dugu artistaren memento oparoa. Beti musikari bikainez lagunduta aritzen den Elvis Costellok banda onenetako batekin joko du: The Sugarcanes.